Zergatik landu?
Atal honetan Igerabidek (2011) literaturaren inguruan dituen ideiak azalduko ditugu gaur egungo eskoletan beharrezkoa iruditzen zaigulako hori lantzea. Esan beharra dago begibistakoa den arren haur literaturak garrantzia handia duela haurrengan. Izan ere, haurraren sormena, adierazkortasuna, irudimena eta abar garatzeaz gain, jarrerak eta baloreak bultzatzen ditu. Honen bidez, haurrari mundua ezagutzeko, gaitasun kritikoa eta estetikoa garatzeko, kontzientzia hartzeko, eta erabakiak hartzeko aukera edo laguntza ematen dio.Eredu sinplifikatuen bidez, haurrek urruneko munduak edo euren munduko gauza konplexuak ezagutzen dituzte.
​
Ipuinen bitartez, bestalde, haurrak bere pentsamenduak ezagutu eta egituratzen ditu, ipuinetako gertaerak euren errealitatearekin lotzen dituztelako. Horretaz gain, ipuinek haurren pentsamenduan funtsezkoa den zerbait ahalbidetzen dute, hau da, errepikatzea. Izan ere, haurrentzat ez da nahikoa errealitatea behin ikustea ulertu ahal izateko. Igerabidek (2008) dioen bezala, irakurtzeko gogo hori txikitatik sustatu behar da, hau da, ipuinak edo poemak irakurriz, marrazkiak erakutsiz eta kontatutakoa biziaraziz. Beste modu batera esanda, poema bat edo ipuin bat haurrari grabaturik entzunaraztea gaizki ez dago, baina ez du parerik amak edo aitak (edo irakasleak, eskolan) kantatu edo kontatzearekin.
​
Lehenik eta behin, eman beharreko lehen pausoa iruditzen zaigu Igerabideren (2011) hitzetan oinarrituz, haurrek gorputz eta arimaz mintzatzen ikasi behar izatea eta horretarako, sentitzen denari hitzak jartzen ikasi behar diote. Hau da, sentimenduak modu sakonean adierazteko indarra bereganatu behar dute haurraek, ez dute soilik hitz egiten ikasi behar, mintzatzen ere ikasi behar dute, helburu hau lortzeko literatura izan daiteke gakoetako bat haurrengan eragin zuzena duelako, lehen aipatu dugun bezala.
Ipuinen mundura jauzi eginez, ipuinak haurrari errealitatea arazo baten itxura-pean aurkezten dio. Ikasteko eta arazoak konpontzeko eredu bat eskaintzen dio; eredu hori arazoaren identifikazioan, konponbideen bilaketan, erabakiak hartzean eta gertatutakoaren ebaluazioan oinarritzen da. Haurrek ikasi behar dute haserre edo amorraturik daudenean haserre hori adieraziko duten adierazpide espresiboak erabiltzen, eta ipuinek errealitatean gertatu den arazo horri konponbidea bilatzeko lagundu dezakete. Demagun, ikasgela batean burla egiten diotela haur bati bere egoera fisikoa dela eta, horri buruzko lanketa egin dezakegu ipuin zehatz baten bidez. Hau da, ikaragarrizko baliabidea izan daiteke gatazken kudeaketari aurre egiteko.
